XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Euskera da arrobi aberatsena

Liburu berri baten aipamena egitekoan, au da Gaztañaga'k argitaratua aurkeztekoan idatzi nuanak bide ematen dit ariari jarraitzeko; eta ortara dator bigarren idazlan au.

Gure ele arrigarria sortu zanetik ia amaseigarren menderaiño, aozko mintzaira soillik izan zan, eta garai artan idazten asi ziranak, euskaldun guztiek ulertzeko eran nola idatzi, ezin sumatuz aurkitu ziran, erabat sakabanaturik ikusten bai-zuten euskera.

Euskera orduan sakabanaturik egotea, bidezkoa ta adiarauzkoa da: ordurarte erriak eta gizakiak, eunkietako bakardadeetan, elkarren artean biltzeko aukerarik eta burtaillu egokirik gabe bizi izan baiziran, eta bakoitzak bere txokoko izketa besterik ez bai-zekian.

Egoera au gogoan arturik, erraz uler genezake, ludiko beste izkuntza guztiak legetxe, euskerak ere euskalkiak izatea.

Bidezkoa da, bada, eta adierraza, mendialdeetako biztanleen euskerak itxasaldekoenetik bereiztasun aundiak izatea, bien bizitokiak, egugiroak, landareak, tresnak, langintzak, abereak, arraiak eta abar luze bat, ezberdiñak izanik, ezberdintasun ortatik euskalkiak sortzea; lenenik, Auñamendiz aindikaldekoen eta onaindikoen artean, eta jarraian mendikaldekoen eta jarraian, mendikaldekoen eta itxasaldekoen artean, eta orren adierazgarri, ortxen dauzkagu lau euskalki nagusienak, arteango bertzegitzetxoak gogoan artzeke: Iparraldeko izkelkia bere berextasun batzukin, Naparroa'koa, Gipuzkoa'koa ta Bizkai'koa, lau izkelki nagusi, lauek ordea Euskera bat-bera garbia, jatorra, aiderik gabekoa ta amorderik gabea.

Lau euskalki nagusi oietan dauka euskerak bere mintzabiderako aberastasun guztia, eta lau izkelki oiek dira ama-euskeraren ume jatorjatorrak eta euskera biziko ba'da, ama orrek lau ume oien arnasa eta laguntza bear-bearrezkoak ditu: ez du batek ere bizirik galdu bear.

Lau umeok amarekin sukalde batean bizi ba'lira, sendi osoak Euskera Batua egingo luke, eta alkarregaz eragozpen txikienik gabe ulerturen lirake, baiña euskera ori guztiz motxa ta beartsua izango litzake.

Umeok, eskualde bakoitzetan bizi diranez, bakoitzak bere eskualdeko aberastasuna ekartzen dio Ama Euskerari, eta ortik euskalkiak.

Euskalki oiek lau eskualdeetan ulertzeko eran nola Batu?

Orra or euskaldunek aspaldidanik askatu nai izan duten mandorapilloa?

Lau eskualdeak zer dabiltzan salerosleak, azokazaleak, langilleak, bertsolariak eta abar, lau euskalki oietan erraz jartzen dira eta orixe litzake euskera batzeko biderik errazena, baiñan orrek euskera batutzeko, errian ez du eragin aundirik izaten.

Nola lortu dute, bada, ludi guztiko izkuntzek euren izkelkietako batasuna?

Zalantzarik ez dago, izkelkiak ongi ikasi ondoren, aietaz zeatz-meatz jabeturik, gorengo idazle izan diranek batu dituztela urteen joan-arian izkuntza guztiak.

Ez noski Batuak nai duanez, goizetik gauera ta euskeraren iruntsizale diran beste erderazko itzekin, naaste-porraste bat egiñez, euskeranto berri bat asmatuta; izkuntza indartsuagoak, euskera aulagoa iruntsitzeko, orixe bai-da biderik zuzenena.

Gogoan izan nola Zerbantes'ek, beste idazle onekin batera, gaztelera batu zuan, Goethe batek doitxera edo alemanera, Shakespeare'k englandera eta Hernandez'ek Martin Fierrorekin gautxoen izkuntza, eta abar.

Euskera batzeko ere, aietaz zeatz-meatz jabetu ta ongi jabaritu, eta idazlerik aundienak eta onenak jarriko gaituzte Euskera Batu jator baterako bide zuzen eta ziurrean.

Orretaz gain, jakintza gaietarako, guztiz atzeratua daukagu euskera, bere bizitzako urte luze oietan zear idatzi gabeko aozko elea bakarrik izan danez; gelditu zaizkigun itzak baiño iru bider geiago, bide-bazterretan galdurik utzi bai-ditu; eta jaso ditugun esku-txoko beteko itzekin soillik, jakintzako gaiak ezin erabillirik, euskeraren kalterako, erderazkoetara jo bear izaten dugu.

Zorionez or daukagu idazti zaarretan eta iztegietan amaitzeziñezko euskal-arrobi aberatsa, eta orri esker, ortik atera genitzake jakintzarako itzik egokienak eta ulerterrazenak, gerkerak eta latiñak ematen dizkigutenak, - izkutatutako eleen iztak izanik - euskaldunoi ez bai digute ezer esaten, eta euskerazko asmatuen aldean, askoz ere ikaszaillagoak egiten bai-zaizkigu.

Alabearrez gaiñera, jakintzako itz berriak sortzeko, gerkerak eta latiñak baiño egokitasun eta erraztasun askoz ere aundiagoak ditu euskerak.

Ona emen adigai bat: hidroscopicidad baiño urasekortasuna ez al da euskaldun batentzat ikasterrazagoa ta ulergarriagoa?

Lan au ordea, erri semeek ezi egin lezake, ortarako gaitasunik eta jakintzarik ez baidu.

Lan au ere, idazlerik onenek eta euskera ongienik menderatu dutenek egin bear dute; bestela, ikasigabeek, itz tertelak eta ezegokiak asmaturen bai-lituzkete, erderazkoekin ere naaste-pillatuz.

Orren adierazgarri, ortxen daukagu ondikozko Batu ori.

Ezur-maiñetaraiño erderaz ezi ziran, beste batzuen artean, iru iraultzaille amesgillek beintzat asmatu ziguten Batua, eta dagoaneko oietako batek bazterrera jaurti du izertoiala, berak asmatu zuan Batuaren aurka itz gogorrenak eta gordiñenak esan bai-ditu: Batu aiputsu ori euskeraren ondamen utsa da, aren ukatzaillea erabat, guztiz Euskera, bitxi bat, esperanto bera baiño are okerragoa.

Ark ori ba dio, zer geiago gelditzen zaigu guri esateko?